Elkartenet

TXIKILINUX EGUNA II ospatu genuen Donibaneko ikastolan iragan den ostiralean

Egun zoragarria bizi izan genuen Donibane Lohizunen, euskara eta software librea uztartuz. Gure herrian eraikitzen diren proiektu askorekin gertatzen den bezala, auzolanari esker lortu genuen eguneko helburuak betetzea.

Eder Etxebarriak, Baionako Etxepare Lizeoko irakasle eta “TxikiLinux Eguna II” antolatzeko arduradunak, goizeko 9etan hartu zituen Arizmendi ikastolako Gaizka eta Gorka, ikastolarako 20 ordenagailu ekartzen zituztelako.. 10 ordenagailu eramangarriak Mondragon Unibertsitatetik zetozen eta 10 dorreak Arrasateko udaletik. Oso egoera onean egoteaz gain, arazo handirik gabe konektatu ziren zerbitzarira. Milesker handi bat LH mikroinformatika eta sareak zikloko ikasleei, eurek berreskuratu, konpondu eta birgaitu baizituzten ordenagailu horiek. Zein ederra den ikastolako haur batzuek beste batzuentzat lanean egon direla ikustea.

Goizeko 10etan iritsi ginen Elkarteneteko 4 kideok (Jabi, Nestor, Joaquin eta Inhar) eta IZTCOOPeko Iraitz. Denen lanari esker, ikastolan funtzionamendutik kanpo zegoen fotokopiagailua berreskuratu, martxan jarri eta zerbitzarira konektatu zuten. Aurrerantzean, irakasleek bigarren fotokopiagailu hori baliatu ahalko dute fitxategiak inprimatu edota eskaneatzeko.

Goizeko lanak bukatuta, bazkaltzera joan ginen. Bazkaldu ondoren, Iametzako “HODEIA EZ DA EXISTITZEN” podcasteko lagunek saio berezia grabatu zuten. Ikastolako zuzendaria den Peio elkarrizketatzeaz gain, arratsaldeko hitzaldian parte hartuko zuten 4 hizlariekin mahaingurua antolatu zuten. Bertan parte hartu zuten: Egoitz, Seaskako Hezkuntza Zuzendaria; Inigo Gebara, LUBERRI linux sistemaren sortzailea eta mantentzailea; Muitze Zulaika eta Oihane Cantero, ORAI ikerketa zentroko ikerlariak.

Bitartean, Elkarteneteko kide batek 7-11 urte bitarteko haurrei 30 minutuko Txikilinux formakuntzak eman zizkien. Haurrak poz-pozik ibili ziren eta oso esperientzia polita bizi zutela adierazi zuten. Eskerrak eman nahiko genizkieke haurren anderenoei, euren prestutasunarengatik. Milesker, Ana eta Gabi!

Eguna borobiltzeko, EUSKARAK SOFTWARE LIBREA BEHAR DU” hitzaldia antolatu genuen. Ordubeteko hitzaldi horretan Egoitzek Seaskan aitzina eramaten ari diren gogoeta numerikoaren zenbait zertzelada eman zizkigun. Inigok Luberriren abantailak azpimarratu zituen. Azkenik, Muitzek eta Oihanek Adimen Artifizialean genero berdintasuna txertatzearen garrantzia bikain azaldu ziguten. Milesker 4 hizlariei eta gerturatu ziren ikusentzuleei!

GORA SOFTWARE LIBREA ETA EUSKALDUNA!
GORA BURUJABETZA DIGITALA!
GORA IKASTOLAK!

Scroll to Top